HITZAURREA

No son sin embargo los acontecimientos históricos los que interesa a la narración, como decíamos, sino el extraño ejercicio que la memoria hace cuando se pone a recortar y pegar. Y más aún, de qué modo pasmoso y determinante influye en nuestros recuerdos el lenguaje con que se han conformado estos recuerdos, la jerga que hemos construido junto a los nuestros a lo largo de la vida.

FLAVIA COMPANY

 

Webgune honek Ondarroan erabiltzen diren eta erabili izan diren berba, lokuzio, esaera, metafora eta abar eskaintzen dizkizu. Ondarroa duela gutxi arte erabat eta osorik izan da arrantzale herria, horregatik, bertan garatu den berbetak itsasoa eta arrantza izan ditu zimentarri eta ardatz. Jakina, nik itsas eta arrantza giroko berbak jaso ditut batez ere. Aldiz, baserri eta mendi giroko eremu semantikoan hutsuneak daude, Ondarroan arrantzaleen artean esparru hori ez baita landu eta garatu. Bestelako giroa bizi izan duten herrietan ostera, alderantziz gertatu da. Guk lasai asko esango dugu: Kortan ganarutaz (Ukuiluan ganaduak daude). Ataundar batek berriz ukuiluan dagoen ganadua zehaztu egingo du: Ukullun bost bei, bi idi eta lau txekor zerek. Ordea, arrainaz ari garelarik ataundarrak: Gaur arraia jan diau. Guk ostera: Gaur txitxarruk eta berdelak jan douz (Gaur txitxarroak eta berdelak jan ditugu). Bakoitzak berea.

Ondarroako hizkuntza biziaren tresna horiek medio, etnografiaren zenbait ertz ere aurkituko dituzu berton: XX. mende hasieratik erdi aldera bitartean ondarrutarrek, emakume nahiz gizon, eramaniko bizimoduaren xehetasunak, 1936ko gerraren gorabeherak barne. Gertaera zenbait argitzeko eta egiaztatzeko une jakin batzuetan dokumentu ofizialetara jo dudan arren, nik neuk bizitakoa, eta ondarrutar emakume-gizonek kontatutakoa hartu dut oinarri eta iturburutzat. Euren oroitzapenak, kontatu dizkidaten bezala islatzen ahalegindu naiz. Hau ere ondarrutarren historia da, Ondarroako emakume eta gizonen oroimen kolektiboa: aurrekoen ildoari jarraituz eurek eraiki eta tajututako berbetarekin kontatua.

Azkueren hiztegia osatu nahiz, Augustin Zubikaraik berba zerrenda bat dakar Euskaltzaindiaren EUSKARA agerkarian. Ordea, hitz horiek eman aurretik honela dio:

"Azkueren iztegia aztertzean, itz batzuen utsunea igarri neban. Oraingoz berreun inguru artu dodaz nire erri onetan bere eguneroko jardunetan erabilten diranak. Jatorrak edo ez emen dagoz. Azkue bizi izan balitz pozik erakutsi ta eskiñiko neutzazan berari.

Besterik ezean galdu ez daitezen be, lagunartean zabaltzea bidezko deritxat", (EUSKARA XXVI. 1981-1 / 221. orrialdetik aurrera).

Era berean nik ere lan hau pozik erakutsiko nion Augustin Zubikarairi bizi izan balitz. Ez dut zalantzarik oharrak egin eta aholku egoki bat baino gehiago emango zizkidala alderdi askori buruz.

Kanpoko zentsurarik ez du izan lan honek baina, bai autozentsura. Alde batetik, kontatzeko gordinegiak diren gertaerak baztertu egin ditut, eta bestalde, goitizenei dagokienez, norbaitek gaizki har dezakeela susmatu dudanean, ez dut aipatu.

 

NOIZ ETA ZERTAN

Trasmisioa soilik ahozkoa denean, hizkuntza ahulduz eta galduz joan ohi da. Izan ere belaunaldi batek hurrengoari eskaintzen dionetik, honek ez du guztia jasotzen bere osotasunean. Hori zergatik? Horren arrazoiak bilatzea eta aztertzea beste kontu bat litzateke. Dena den, gure herriko bizimodua azken urteetan arrunt aldatu denik ezin ukatu. Sasoi batean gazte gehienek itsasoari so bizi ziren bitartean, orain garbi dago beste bide batzuk hartzen dituztela, lehorreko ogibideei lotuagoak. Joera honek hizkuntzan ere izan du eraginik. Gainera, itsasoko lanbideak berak aldaketa nabariak ekarri ditu: duela berrogei edo berrogeita hamar urte arrantza egiteko modua eta baldintzak bestelakoak ziren. Orduko tresna asko desagertu egin dira, eta bai horien izenak ere. Gaur egun nork esaten edo entzuten ditu, aurtzi, artza, artzarixe, txitxaiste, kurkille, pendule edo antzeko berbak? Hizkuntza trasmisioari dagokionez berehala ohartuko gara lehen eta orain ez dela modu berean gauzatzen. Duela hirurogei edo laurogei urte gure herriko mutiko gehienek, hamar, hamaika edo hamabi urte bete bezain pronto txalupa batean sartu eta hango marinel zaharrekin batera aritzen ziren itsasoan; beraz, zaharren berba egiteko modua, hiztegi osoa bereganatzen eta barneratzen zuten. Bestalde, etxeetan umeak aiton-amonekin bizi zirenez, hizkuntzaren trasmisioa zuzen-zuzena zen, etenik gabekoa. Azken urteetan berriz trasmisioa ez da horrela eman, beste era batera baizik. Horregatik orduko zaharren eta gazteen artean erabiltzen zuten berbeta, gaurko zaharren eta gazteen artekoa baino berdinagoa zen.

Lazkaoko beneditarren monasterioa utzi eta etxera (Ondarroara) itzuli bezain pronto ohartu nintzen hainbat berba, lokuzio eta esaera gurasoek maiz erabiltzen zituzten arren gu ez ginela horietaz baliatzen. Horrela bada berehala hasi nintzen, etxean, batez ere amaren eta aitaren ahotan entzuten nituenak jasotzen (entzun ahala apuntatu). Baina, ez etxean bakarrik, baita kalean ere. Argi zegoen berba eta lokuzio batzuk, jaso ezik kondenatuak zeudela galtzera.

Gure gurasoen (haien belaunaldikoen) hizkuntz baliabideak eta guk maneiatzen genituenak ez ziren berdinak. Guk bagenituen eskuartean hizkuntz baliabide "berriak". Ordea, aldi berean aurrekoen altxorra, neurri batean, galduz ari ginen. Haien ondare osoa, hizkuntzari dagokionez, ez ginen jasotzen ari. Eta gertaera hori oharkabean ari zen ematen: horra akatsik makurrena. Horrela bada, lehenik arreta jarri behar zen eta ohartu haiek erabiltzen zituzten berba, esaera, lokuzio eta gainontzeko hizkuntz baliabideen artean zeintzuk ziren baztertuz edo indarra galduz zihoazenak. Ondoren, haien berbetari belarria erne izan, eta jaso. Horretarako bi bide zeuden:

  1. Une oro papera eta boligrafoa prest eduki, eta entzun ahala idatzi.

  2. Gure aurrekoei grabaketak egin eta jasotakoa goian aipatu helburuarekin aztertu, konparatu ideia bera haiek nola adieraziko luketen, eta guk nola.

Hona gisa horretako konparaketen adibide batzuk:

Gure aurrekoek: Ori umioi gosera                 Guk: Orrek umiorrek gosiakar (gosiauke)

Nunguzarie?                                                           Nunguzaze?

Billotte eder enteru euan                                      Billotxe eder demasa euan

Bazkaxe guztizko karu ixan da                            Bazkaxe karo demasa ixan da

On auazille baletor zueik kartzela                      On auazille etorriko balitxake zueik kartzela

Bera etorri balitt obeto                                        Bera etorri bazan obeto

Batez ere berbak jasotzen nituen. Horregatik idazten hasi nintzenean lanari hiztegi forma eman nion. Ordea, hiztegia ez zenez, gure herrian erabiltzen diren berba guztiek ez zuten lekurik. Hortaz, berba batzuek izango zuten lekua baina, beste batzuek ez. Horretarako irizpideak?

  1. Aurrekoei jasotako berbak, gure artean apenaz entzuten zirenak edo ahaztuta genituenak.

  2. Ondarrutar ez zirenentzat bitxiak nahiz ezezagunak gerta zitezkeenak.

  3. Guretzat (txikitan) esanguratsuak zirenak.

  4. Gertaera "garrantzitsuak" gogorarazten zizkidaten hitzak.

    Urteetan jasotzen jardun ostean egun batean argi ikusi nuen zerbait itxurazkoa burutzekotan, nire bildumatxoa osatu beharra zegoela. Baina, nondik nora hasi? Ondarroan izan dira ni baino lehen hizkuntzaren esparruan biltze lana egiten saiatu direnak; besteak beste, nik dakidanez, honako hauek: Augustin Zubikarai Bedialauneta, Jose Mari Etxaburu Etxaburu (Kamiñazpi, Jose Mari Belero), Patxi Etxaburu Ajarrista, Mikel Etxaburu Osa, Ana Urkiza Ibaibarriaga, Nerea Arrieta Gazagaetxebarria, Antigua Urbieta Etxaburu, Txomiñ Uribe Urbieta. Bestalde saiatu naiz Augustin Zubikarai eta Jose Mari Etxabururen idazkiak, lanak eta bildumak aztertzen, izan ere bi idazle ondarrutar hauek maiz baliatu dira Ondarroako berbetaren berezitasunez. Gure osaba Andonik (Don Andoni Basterretxea Irusta) ere "Ene Ondarru" liburuan makina bat berba dakar, bereziki Ondarroako arrantzaleek erabili izan dituztenak. Francisco Javier Arrieta Idiakezek "Itsaso Aldetik" liburuan zehar aipaturiko hainbat berba, itsasoari eta arrantzari lotuak, amaieran dakartza hiztegi modura jasoak.

    Begitantzen zait alor honetan aritu direnen irizpidea aski garbi dagoela: Ondarroan erabili izan diren, baina galtzear dauden (zeuden) berbak, asko eta asko itsas eta arrantza girokoak, jaso.

    Lanari serioski heltzean, beste hiztegi batzuetara jo behar izan nuen, erreferentzia gisa baliagarri gertatuko zitzaizkidalakoan. Bi izan dira maizenik erabili ditudanak: Juan Martin Elexpuru Arregiren "Bergara aldeko Hiztegia" eta Toribio Etxeberria Ibarbiaren "Flexiones verbales y lexicón del euskera dialectal de Eibar". Eneko Barrutia Etxebarriaren "Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegia" liburura ere sarri jo dut. Enekoren lana batez ere Ondarroako arrantzaleei elkarrizketak egiteko izan zait txit baliagarri. Nire lanerako aldez aurretik osaturiko gidoiak eskura nituen arren, bere hiztegiari esker, galdetu gabe utziko nituen makina bat berba eta xehetasun jaso eta argitu ahal izan ditut. Noski, han eta hemen, herrietan zehar osaturiko berben bildumetara (bizkaierakoak) ere nahitaez jo behar.

 

HIZTEGIA ETA ETNOGRAFIA

Oharkabean, inguruan, batez ere familian, (gurasoen ahotan) entzuten nituen bitxikeriak, hots, hurrengo belaunaldiak (guk) jasotzeke gera zitezkeen berba, esamolde, lokuzio, metafora, konparaketa eta abar idatziz jasotzen hasi nintzenean, eta aldi berean, une jakin batzuetan, gurasoek kontatu nahi zizkigutenak grabatzen, ez nuen arrastorik zertarako beharko nuen material hura. Jasotzea izan zen garai hartako nire kezka bakarra: badaezpada ere jaso. Zertarako? Galdera horrek ez ninduen kezkatzen. Baina, orduan uste nuen hizkuntzaren alderdiari baizik ez niola erreparatzen. Ez nintzen ohartzen berbak, lokuzioak, esamoldeak jasotzean horien testuinguruaren testigantza ari nintzela gordetzen, hots, gure aurrekoen bizitzarekiko eta munduarekiko ikuspegia, bizi izan zuten erlijioaren eragina, ohiturak, kezkak, lana, giro politikoa, hitz batean, beren pentsamoldea, portaera, bizimodua.

Gure aurreko batzuei (gizon-emakumeei) jasoriko grabaketek Ondarroako giza taldearen erradiografia gardena eskaintzen digute. Izan ere, elkarrizketatu ditudan informanteek, eurek ikusitakoa, entzundakoa eta bizitakoa kontatu didate gogoratzen duten moduan. Nik ere gauza bera egin dut, gogoratzen ditudan eta "barneratuta" dauzkadan bezala azaldu. Hemen ez dago kronika historikorik, subjektibotasunez beteriko bakoitzaren egia baizik.

Oharrak idatziz ere baliagarria izan daiteke era honetako lanari ekitea, ordea, grabaketak jasotzea funtsezkoa izan zait informante bakoitzak kontatua nola kontatu didan eta erabili dituen berbak zuzen eta zintzo traskribatzeko.

Bestalde, ni neu gizatalde horretako partaide eta bizikide izateak fidagarritasun sendoa ematen dio nire testigantzari, neurri handi batean haiek kontatutakoaren lekuko izan bainintzen. Hori ere abantaila izan zait bide zuzenetik aritzeko, antzeko lana, ezagutzen ez nuen gizatalde bati buruz egiteko zailtasun eta traba ugari izango bainituen. Hizkuntzaren atalak zuzen jaso arren, etnografiaren ñabardura ugari galduko zitzaizkidan bidean.

Gainera, gure aurrekoen bizimoduaren zertzeladak emateaz aparte nik neuk (inguruko kideek: neba-arrebek, lagunek) bizi izan nuena eta sentitzen nuena islatzen dut, kalean, etxean, eskolan, elizan, lagunartean, jolasean egiten genituen bihurrikeriak, pasatzen genituen arriskuak (amak jakin gabe), lana (kontserba fabrikan). Hau ez da baina nire historia, gure historia baizik. Gure familiaren, gure lagunen, gure etxebarrukoen (auzokideen), gure kalekoen, auzokoen (Kanttopi) historia, gure herritarren historia: bizipenak, bizipozak, gazi-gozoak, gabeziak, festak, pentsaera, erlijioaren eragina, egoera politikoa (1936ko gerraren ondorioak), lana, itsasoa, arrantzako tresnak, txalupak...

Antzeko lan bat Ondarroako beste auzune batean jaiotako neska batek idatzia balitz, aipatzen ditudan pertsona asko ez lirateke azalduko, eta agertzen ez diren beste asko bai. Ikuspegia ere guztiz bestelakoa litzateke. Noski, gure sasoiko neska batek idatziko balu, bizitzari buruzko alderdi guztien ikuspegia, kezkak, jolasak, beldurrak, sentipenak, zirrarak eta abar erabat lirateke desberdinak.

 

BERBETAKO ERA DESBERDINAK

Euskara bakarra izaki, euskararen barnean euskalki desberdinak daude bizirik, eta euskalki bakoitzaren eremuan joera eta hizkera molde diferenteak; hizkera modu desberdin horietan berriz, herri bakoitzean ez da berdin hitz egiten. Herri batekoek alboko herriko norbait berbetan entzun orduko sumatzen dute entzuten ari dena nongoa den. Inguruko herrietakoarekin (Lekeitio, Berriatua, Mutriku) parekatuz berehala ohartzen gara gure (Ondarroakoa) mintzamoldea desberdina dela. Herri bakoitzeko berbeta moduak ezaugarri nabariak ditu. Hizketarako ahoa zabaltzea izaten da aski nongoak garen ezagutzera emateko. Horretarako, jakina, hizkerak ezagutu behar. Fenomeno hori gure inguruan bezala ematen da Euskal Herriko beste txoko orotan. Mutrikun "itxitxáro" (itxita dago) esaten den bitartean Ondarroan "itxítxerá", azentuaren berezitasuna barne. Beraz, ondarrutarrok (gainontzeko beste herrietakoek berdin) berehala igartzen dugu berbetan entzuten dugun norbait gure herrikoa den ala ez. Lehenbizi salatzen gaituena doinua, eta honekin batera beste mila ñabardura: berbak (gure berba bereziak), maileguak, berben bukaerak, kontrakzioak, aditz laguntzailearen eta sintetikoaren formak, adjektibo erakusleak, deklinabideko kasuak, lokuzioak, esaerak, metaforak. Pare bat adibide ondarrutarrez: "Etten daben otzaz goxeko bostetan txibitta? Pentsamentoipez! Ez eon nire zaiñ enator-da. Atrapa naizun beste txibi. Jaten laundukotzut; atrapaten ez" (Egiten duen hotzarekin goizeko bostetan txipiroitara? Ezta pentsatu ere. Ez egon nire zain, ez bainator. Harrapatu nahi dituzun adina txipiroi. Jaten lagunduko dizut; harrapatzen ez). "Bestik esaten dabena entzun-be eztozu etten. Zeuriai ten da ten. Lantzin beiñ errie emoten-be jakiñ enbirde" (Besteek esaten dutena ez duzu entzun ere egiten. Zureari gogor eusten diozu. Noizbehinka amore ematen ere jakin behar da).

Fenomeno hori bera, hots, berbetako "desberdintasunak", herri berean ere ematen dira. Ondarroan, adibidez, kale desberdinetan (batzuek komune, beste batzuek kumune), edo arrasteko eta baxurako arrantzaleen etxeetan joerak, hizkerari dagokionez, bereiz daitezke. Zenbait etxetan "kafi ixo", edo "arrautzi iribixa" esan izan da, eta beste familia batzuetan berriz berba horiek ez dira inoiz erabili, gaztelaniatik zuzenean jasotako ordezko maileguak baizik: "kafi moliu" eta "arrautzi batiu". Zer gertatzen da? Ondarrutar zenbaitek erabili izan dituzten berba batzuen aurrean beste herritar batzuk aho zabalik eta harrituta geratzen dira sekula santan ez dutela entzun aitortuz. Nori ez zaio horrelakorik gertatu? Horrelako egoeraren aurrean badira ausartegiak: "Ondarrun ori olan sekule ezta esan" (Ondarroan hori horrela inoiz ez da esan izan). Askoz zuhurragoa litzateke honako hau: "Gure etxin ezta olaik esan ixan" (Gure etxean ez da horrela esan izan). Edo: "Eztopentsaten neuk olakoik sekule entzun dotenik" (Ez dut uste horrelakorik inoiz entzun dudanik). Izan ere ezusteko galantak har daitezke. Gure aurrekoek (gurasoek, ingurukoek) erabiltzen bazuten nola ez genuen guk "entzungo"? Agian ohartu ez, baina seguru asko entzun bai: espumaderi / bitzadora, batiu / iribixa, moliu / ixo, molinillu / erroti...

Emakumeen eta gizonezkoen berbeta moduen artean izan da desberdintasunik (berbak desberdinak eta esaerak ere bai). Adibidez gizonezkoek ez zuten ume jaiotze batean parte hartzen eta giro horretan erabiltzen ziren berbak arrotzak egiten zitzaizkien. Gizonezkoek berriz, emakumeei buruz (arrak diren aldetik emakumea sexu desiozko objektutzat hartuta) berbetan erabiltzen dituzten hitzak emakumeek sarri ez dituzte ezagutu ere egiten, gizonezkoek gai horietaz elkarrekin, emakumezkoen presentziatik at hitz egin izan dutelako. Ofizio desberdinetako jendeak ere desberdintasuna markatzen du, zaharrek umeek eta gazteek ere bai. Horretaz aparte beti egon dira hizkuntzarekiko arreta hobeki zaindu dutenak, eta aldi berean pertsona jantzia baldin bada goi mailako ikasketak burutu dituelako, agian izan dezake hizkuntza aberatsa erabiltzeko joera, bere berbeta sinonimoz, adjektiboz eta aldian aldiko berba egokiez jantzia. Finean, badira ideiak adierazteko moduari (berba egiteko erari) garrantzia ematen dioten herritarrak, hori kontu handiz zaintzen dutenak. Hona gauza bera bi ondarrutarrek modu desberdinetara adierazita: "Eon bixkaten. Fabrikanu Juan Luiseaz berba ettea" / "Ion bixbatin. Fraikanu Jan Luiseaz berba etxea" (Itxaron apur bat. Fabrikara noa Juan Luisekin hitz egitera).

 

HIZKUNTZA BALIABIDEAK ABERASTU

Ondarroan badira txitean-pitean erabiltzen diren sinonimoak. Baina, sarri gertatzen da, bata besteari nagusitzen zaiola, eta jakina, bat baztertuta geratzen da bestearen mesedetan. Lehen ez dakit baina, aspaldiko urteetan "bettandu" (begitandu) maizago entzuten da bere sinonimoa (eritzi) baino. Ia esango nuke lehena besterik ez dela entzuten. Ordea, antzina, badirudi bestea (eritzi) ere maiztasun handiz erabiltzen zela. Beraz, oraingo ahaleginak bigarrena (eritzi) sarriago erabiltzera jo beharko luke: Ze bettantzen gatzu? / Ze ereizten gatzu? (Zer iruditzen zaizu?). Aberatsa zer litzateke? Oraintxe bata, oraintxe bestea, biak noiznahi eta txandatuz baliatzea.

Beste kasu batzuetan ere gauza bera, nahiz eta bata jatorragotzat izan eta bestea mailegu (gaztelaniatik hartua) hain zaharra ez izan. Batzuetan bata eta gero bestea: banku / jarreleku.

Izenondoek (adjektibo kalifikatzaileek) izenaren kualitate bat aipatzen digute: zapata karuk, oroi baltzak, bazkai ederra. Kualitate soil horri nolabaiteko maila edo neurria eman nahi diogunean graduatzaileez (oso, txit, samar...) baliatzen gara: oso gaztea, txit merkea, urdin samarra. Badirudi gure altxorrean dugun graduatzaile bakarra "demasa" dela, besterik ez dugula ezagutzen, eta gure aurrekoek ere hori baizik ez zutela baliatzen. Orain alfabetatzearen eraginez "oso" (gure aurrekoek sekula santan erabili ez zutena) graduatzailea ere agertu da gure artean: oso merki, oso illune, oso estu. Hizkuntz memoria arakatuz gero berehala ohartuko gara gure amak, amonak, edo izebak erabiltzen zituen graduatzaileez: eder enteru, todo merki, guztizko dotori, ondo egokixe. Lehen erabiltzen ez genuen berba "berri" bat ("oso" graduatzailea) gure hiztegi partikularrari erantsi diogula! A ze ederto! (Zein ongi!). Hori aberasgarria da inondik ere. Horrek ez dakar kalterik, baldin eta gure aurrekoen ahotan hitzetik hortzera entzuten genituen graduatzaileak (enteru, todo, guztizku, ondo) sahiesten ez baditugu.

"Askotan" aditzondoarekin (adberbioarekin) berdin gertatzen zaigu. Batek esango luke, besterik (kiderik, sinonimorik) ez dugula. Begira zelako altxorra gauza bera aditzera emateko: askotan, sarri, sarri-sarri, sarri askotan, ttittin-pottin, latzin-lantzin, kalaran-kalaran. "Askotan" berba zuzena da, baina, ez ahaztu badugula besterik.

 

SARRERAK ETA AZPISARRERAK

Lan honi dokumentu forma ematerakoan "sarrera" gisa berbak hartu nituen, kasu batzuetan azpisarrerak erantsiz: forma adberbialak, modismoak, esapideak, berba konposatuak, eratorriak. "Sarrera" ABANTE berba baldin badugu, azpisarrerak: abante artú, abantin ipiñi. Edo BAKI "sarreraren" azpisarrerak: bake-bakin, bake santu, bakik eiñ, bakin. Ordea, ondoren webgunea eratu eta antolatzerakoan ikusirik egitura horrek (sarrerak eta azpisarrerak) zeharo korapilatzen zuela hitzen hurrenkera, bai sarrerak eta bai azpisarrerak, denak jo genituen "sarreratzat" webgunearen egitura ahalik eta sinpleena izan zedin.

Hala ere lana osorik ematean (ezartzen dugunean), jatorrizko dokumentuak daukan egitura mantenduko dugu, hots, sarrera eta (dagokionean) azpisarrera(k).

 

IDAZKERA

Ondarroako berbeta era traskribatzean, ahoskerari leial izaten saiatu naiz, entzuten den moduan idatziz: "neupe eneban olakoik nai" (nik ere ez nuen horrelakorik nahi). Belarriak lotuta jasotzen duena (neupe) horrela idatzi, eta berbak osorik entzuten direnean bananduta (olakoik nai).

Ondarroan aspalditik (noiztik?) "s-z" eta "ts-tz" ahoskeran ez dira bereizten. Horregatik, hots horiek traskribatzeko orduan euskara batuaren ildoari jarraitu natzaio. "Txikittan guzurre sarri esaten gendun" (Txikitan gezurra sarri esaten genuen). "Arratsaldetan mari beruzkun kaamarrotan ibiltten giñan" (Arratsaldetan, marea jaistean, karramarrotan aritzen ginen). "Itxosu" hitzarekin egin dut salbuespena. Berba hau "ts"-kin barik beti idatzi dut "tx"-rekin: "itxosun denporali euanin, maiñelak liorrin geatzezin" (Itsasoan ekaitza zegoenean arrantzaleak lehorrean geratzen ziren). "Ondarruko gazte asko amalau urte bete orduko astezin itxosun" (Ondarroako gazte asko hamalau urte bete orduko hasten ziren itsasoan).

Bestalde, garai bateko bizkaieraren idazkerari jarraituz "h" baztertu egin dut: "orretan asi banitt pare bat ordun amattuko neban a biarra" (horretan hasi izan banintz pare bat ordutan bukatuko nuen lan hura). "D"-ren bustidura (dd) ere errespetatu egin dut horrela ahoskatzen denean: "inddarrak eindderazela pentsateot" (uste dut babarrunak eginda daudela).

"Tt" bustidurari dagokionez, berriz, zer esan? Gaur egungo joeraren kontra (gaur, "tt" ordez "tx" erabiltzen da) nik "tt" bustiduraren alde egin dut gure aurrekoen ahoskera errespetatuz, "tx"-ren aldeko joera gailentzen ari dela jakinaren gainean. Oraindik bizirik dauden pertsona askoren ahotan entzuten da bustidura (tt) hau; aldiz, umeen, gazteen eta heldu gehienon ahoskeratik baztertu egin zaigu: "Atxak ori biarroi eunero etxen dau" / Attak ori biarroi eunero etten dau (Aitak lan hori egunero egiten du). Agian alferrik izango da gaur arte bizirik iraun duen "tt" bustiduraren aldeko apustua, ordea, horretan ez dut zalantza izpirik, tokatzen den lekuan beti hobetsiko dut "tt": "Attak eta attittak pentsarabe etxi etten asti" (Aitak eta aitonak etxea egiten hastea pentsatu dute). Gure gurasoek eta haien aurrekoek "atte" (aita) ahoskatzen zuten, eta gaur ondarrutar gehienok "atxe" esaten dugu. Beraz, aita, seme edo alaba bat edo gehiago sorrarazi dituen pertsona, "atxe", eta "h" letrak ere ahoskera bera, "atxe"? Horrela da, baina, horrela izan behar al du? Gure aurreko belaunaldira arte ez da izan horrela. Joera horren norabidea aldatzea posible al da? "Tt" bustidura berreskuratzeko aukerarik ba al dugu? Horretarako ahalegin handia egin beharko litzateke alderdi guztietatik berandu baino lehen; bestela jai dago. Ni behinik behin, ahalegin hori egiten saiatuko naiz, alegia, beti erabiliko dut "tt" bustidura, dagokion lekuan, "tx"-ren ordez: buttu, itto, attatu, attitte, txibitta, etten... "Gaur goxa juna ogitta" (Gaur goiz joan naiz ogitara). "Berak eztau attatu olako kontoik, eta neu-pez" (Berak ez du aipatu horrelako konturik, ezta nik ere).

 

ESKERRAK

Lan hau gauzatzeko eginahalean era guztietako laguntza behar izan dut, eta eskatu izan dudan aldi oro, denak agertu izan zaizkit eskuzabal. Beraz, zuzen edo zeharka asko dira berbategi hau osatzen parte hartu dutenak. Denekin izan nahi nuke esker oneko.

Era batera edo bestera laguntza eman didatenak aipatzen hasita, lehenik hurbilekoenak: emaztea, neba-arrebak, koinata-koinatuak, izeba-osabak, lehengusu-lehengusinak, lagunak, hauzokideak, hurbileko ezagunak. Ongi dakit, horien guztien laguntzarik gabe, lan hau horrela burutzerik ez zitzaidala posible izango, ezta gutxiagorik ere. Zenbat galdera, zenbat telefono dei, halakoren abizena, beste haren goitizena, txalupa hartako marineroak, mila datu egiaztatu guran, informanteekin hitzorduak bideratu eta zehazteko orduan beti ate joka.

Hasieran berriz, hainbeste berba, hainbeste datu eta kontu esku artean, baina, nondik nora abiatu, lanari ze egitura eman, nola aurkeztu? Mila xehetasun nituen erabakitzeko. Honetan Karlos Otegi Lakunzak emandako aholkuei jarraitu nien, eta ez zait damutu, tamalez, bere aholku guztiak ezin jarraitu izan baditut ere. Adibidez, berba edo esaera bakoitzaren itzulpena gaztelaniaz eta frantsesez ematea gomendatu zidan. Ordea, frantsesezko itzulpenari uko egin nion, ni neu ez nintzelako gai horretarako, ezbaitzen hitz soilen kontua. Karlosek idatzita eman zizkidan ohar eta aholku zenbait zehaztasun handiz. Hasiera hartan Anjel Lertxundi Esnalek eskainitako gomendioak ere ez zaizkit alferrikoak gertatu. Antxon Narbaiza Azkuek berriz, pazientzia handiz astia hartuz ia lan osoa irakurri zidan zuzenketa baliagarriak eginez. Inma Zufiria Unanuek, ostera, horrelako lan bati heltzeko ezinbesteko nituen hainbat ezagutza eta trikimailu irakatsi zizkidan informatikari dagokionez. Denei eskerrak eman behar, baina bereziki, nire informanteei. Izan ere eurei jasotako grabazioak dira, neurri handi batean, lan honen oinarri eta euskarri. Hona zeintzuk izan zaizkidan informante:

 

Agirre Azpiri Jesús Mari

Aizpuru Txantxez Pakita

Akarregi Arakistain Anuntzi

Albisu Pérez Carmen

Aldarondo Zelaia Miren

Altzibar Iriondo Joseba

Aranbarri Etxaburu José Mari (Egia)

Aranbarri Etxaburu José Mari (Botx)

Arantzamendi Azpiazu Jose Antonio

Arauco Akarregi Begoña

Aristondo Agirre Tomás

Arkotxa Arrizabalaga Emeteri

Arostegi Aranberri María Dolores

Arrizabalaga Aranburu Miren

Arrizabalaga Arrizabalaga Juan José

Arrizabalaga Arrizabalaga Santi

Arrizabalaga Badiola Antonio

Arrizabalaga Badiola Edurne

Arrizabalaga Basterretxea Begoña

Arrizabalaga Basterretxea Imanole

Arrizabalaga Basterretxea Jon

Arrizabalaga Basterretxea Lurdes

Arrizabalaga Urkiola Andrés

Badiola Arantzamendi Sole

Badiola Ibaibarriaga Arantza

Badiola Urresti Joseba

Bakeriza Fernández Carmen

Basterretxea Irusta Jon

Basterretxea Irusta Miren

Basterretxea Irusta Nekane

Bedialauneta Laka José Mari

Bedialauneta Laka Luis Mari

Bengoetxea Burgoa Trini

Berridi Badiola Jesús Mari

Burgaña Kaltzakorta Pako

Burgoa Berridi Mari Luz

Egiguren Argoitia María

Egiguren Badiola Hipólito

Elu Ibaibarriaga Miren Garbiñe

Etxaburu Barbarias José

Etxaburu Solabarrieta Maite

Etxaburu Urbieta Fraixko Mari

Ibaibarriaga Solozabal Edurne

Korpeón Azpitarte Guillermo

Laka Mugarza Arantza

Markuerkiaga Aranbarri Domeka

Osa Urkizu Jesús

Pagate Anakabe Itziar

Solabarrieta Goiogana Consuelo

Urbieta Etxaburu Ane

 

Azkenik, aipamen berezia, eskerrak gogoz eta bihotzez gurasoei (Miren Basterretxea Irusta, Mirentxuko Miren, eta Antonio Arrizabalaga Badiola, Antonio Saasta), hizkuntza arrotzak mespretxatu eta gutxietsi gabe gurea maitatzen eta baloratzen erakutsi zigutelako bide zuzenetik inoiz saihestu gabe eta beti umorez.

 

Josu Arrizabalaga Basterretxea

@web_egilea